oihana arana

Geltokia

2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gehiegi ardura ez zaidan liburu batekin sartu naiz autobusera. Hasi dudalako amaitzen dudan liburu klase hori. Gomendatuko ez dudana. Autobusa beteta zihoala ikusi eta aurre samarrean zegoen andre baten ondoan esertzea erabaki dut. Andre deitu diot, baina ez zen oso zaharra. Gure amaren adin bueltakoa edo. Zarautzen sartu naiz ni, Donostiatik zetorren bera. Ohiko keinu adeitsua egin diot, bere aldamena aukeratzeagatik barkamena eskatuz bezala. Ordubetez elkarrengandik hain gertu egongo bagara, komeni da jator itxurak egitea behintzat. Badago horrelako momentuetan edozein berbagai hartu eta elkarrizketa hastea okurritzen zaion jendea. Halakoa zen nire albokoa. «Niri Zarautz ez zait batere gustatzen», esan dit. Ausarta iruditu zait hasiera. «Ja... ni enaz hemengue, e», esan diot, «baina etxebizitzie, turismue, preziuek... gero eta zailaue da hemen be dana». «Geltokiaz ari nintzen», esan dit. Isilik geratu naiz apur batean, gorritu egin zaizkit masail biak. Liburua zabaldu dut berriro. Askoz interesgarriagoa iruditu zait.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE