oihana arana

Gezurtxoak

2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amamak deitu dit zutabe hau idazten hasi orduko. Nire minei buruz galdetzeko deitu dit. Ez da edonor ausartzen hori egitera. Pluralean egin du berba: «Zemoduz zabitz zure miñekin?». Grazia egin dit erabakiak, badakit nahita izan dela. Nire zein min zituen berak buruan, hori bai ez dakidala. «Hagiñetakue bueno, gainontzekuek normal», esan diot irribarre txiki batekin. Barre egin du. Galdera bera egin diot berbak aukeratzeko hain berea duen modu elegantea imitatuz. Bera ere ondo dabilela esan dit. «Miñek eta betikuek, baina ondo. Atzo dantzan ibili giñen». Lagunekin dago bere jaioterriko jaietan, poza ematen dit bera beste andre batzuekin batera dantzan irudikatzeak. Poz handia. «Ederki zabitz orduen», esan diot. Deia moztu baino lehen elkarrekin errepasatu ditugu bion hurrengo mediku kontsultak. «Dana ondo fango da» batekin agurtu dugu elkar. Zerbait piztu zait tripan bakoitza gure bakardadean sofa banatan etzanda irudikatzean. Nik ez dakit noiz bihurtu garen elkar lasaitzeko elkarri gezurtxoak esaten dizkieten andretxo bi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA