Askatasunaren sinbolo bat izan da beti gidabaimena gurean. Derrigor atera behar genuela esaten zigun amamak, beti izan du argi berak gaztetan eskuratu izan balu askoz bizitza zoriontsuagoa izango lukeela. Helduarora pasatzeko igarobide errituala bailitzan atera nuen, beraz, gehiegi pentsatu gabe nik hemeretzi urterekin edo.
Orain egunero ibiltzen naiz gidatzen ikasi nuen errepideetan. Ikusten ditut nire homologoak auto horiek astiro-astiro gidatzen eta itxi egiten zait eztarria. Segituan akordatzen naiz Aintzane Usandizagaren Zomorrotu liburuko L ipuineko Mairekin; biribilgunearen erdian autoa utzi eta autobusa hartzera korrika abiatu zen gorputz umiliatu horrekin; neure frustrazio propioekin; irakaslearen partetik jasandako bortxazko tratuarekin; gasolinaren prezioarekin; olioa aldatzeko ezarri zidaten datarekin... eta egiari zor, ez dut uste zoriontsuagoa naizenik gidatzen dudanetik.
Beranduegi konturatu naiz gure amama gidabaimenaz eta askatasunaz mintzo zenean doktrina heterosexualaz, pobreziaz, amatasunaz, lanaz, nekeaz... ari zela.