Ohi baino askoz lehenago jo du alarmak. Bart prest utzitako arropak jantzi eta etsita gurutzatu dut etxeko atea. Beltz-beltz dago zerua oraindik. Begiak ixtear ditudala egin dut geltokirainoko bidea, kotxea astiro gidatuta. Horrelakoetan lo irudikatzen dut ezagutzen dudan jende guztia.
Argi luzeekin keinuka daukat atzeko gidaria. Ez dit bakerik eman gure auzotik herrira iristeko behar diren zazpi minutuetan. Nekez okurritzen zait orduotan presaka ibiltzea baino ezer txarragorik.
Herrian aparkatu dut autoa. Espero nuen baino mugimendu handiagoa dago inguruan. Autobusa martxan dabil honezkero, okindegiko argiak ere piztuta daude. Lo txarrari aurre egiteko goiza paseoan pasatzea erabaki duten pare bat agurek ere agurtu egin naute. Nire begi puztuek desertua baino ez zuten espero.
Trenaren zain nago orain, oraindik ez dira seiak ere. Pare bat esaldi apuntatu ditut mugikorreko oharretan: Uste dut kaleak ez duela inoiz lo egiten. Gu gara txandaka desagertzen garenak. Iritsi da trena. Ni lehen kuluxka egiten hasi orduko joko du nire bizikideen alarmak.