Gure amonak ez zekien idazten. Irakurtzen bai, bere gisa: silabaz silaba, leherrenak eginez. Begietaratzen zitzaizkion kartel edo etiketa guztiak saiatzen zen leitzen. Behin irri egin nion turroi baten kutxakoa «calidad suprema» beharrean «calidad superman» ahoskatu zuelako. Kargu hartu zidan eta oraindik irauten dit lotsak.
Gure amona ez zen gauza film baten argumentuari jarraitzeko. Aldiro argitu behar nizkion nondik norakoak, sinpletuta. Filmak bi kategoriatan banatzen zituen: liskarzaleenak eta amodiozkoak. Edozein filmez, berrienez ere, berak dagoeneko ikusia zuela zioen, «30. urtekoa da» gehituta. Paco Martinez Soriari «El Eusebio» deitzen zion, marrazki bizidunei «cristobicas».
Telebistan ateratzen zirenen hortzetan fijatzen zen gehien, eta aurkezleak eta lehiakideak zein azkarrak ziren. Zer saio maite zuen: berak ez zuen kulturaren erakustaldia egiten zutenak. Tele5ko Salvame hasi baino lehenago hil zen, gogoratu naiz Salvame-ren desagerpena iragarri duten honetan. Ikusiko zuen berak bizirik egotera? Izanen zuen alternatibarik? Salvame-ren oraingo alternatiba are okerragoa da.
Amonaz beti miretsi dut agian haren belaunaldikoa den zerbait, kulturari zion miresmen itsua. Kendua baitzioten agian.

JIRA
Gure amona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak