oihana arana

Gure artekoaz

2026ko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Grazia handia egiten dit nire berbak jendearen eguneroko paisaiaren parte bihurtu direla pentsatzeak. Arraroa da egunero-egunero gosaldu bitartean bezperako egunkaria orriztatzen duen jende horren sukaldean egotea; ordenagailua piztu orduko, lanera bideko autobusean… nire aurpegiaren gainean klik egin eta bere eguneko bi minutu nire burutazioak irakurtzeari eskaintzen dizkion jendea badela jakitea.

Nik ere irakurtzen ditut besteen zutabeak goizero. Badaramatzat urte batzuk hori egiten. Esnatu orduko leihoa irekitzearen, laneko lehen atsedenean fruta jatearen edo etxera heldu orduko eskuak garbitzearen mailako ekintza da niretzat. Arrunta. Automatikoa ia. Irakurtzen ez baditut, etxetik goizegi abiatu naizelako, gaixorik nagoelako edo espero ez nuen zerbait gertatu zaidalako izaten da. Beti ez dira arrazoi ilunak, hala ere. Opor sasoietan ere gertatzen zait.

Oporretan bazeundete gehiago poztuko nintzatekeen arren, pozten naiz hau irakurtzen ari zaretelako. Eguneroko ohitura txikiak dira, azken finean, dena bere lekuan dagoela adierazten dutenak. Eta nik hori baino ez dizuet opa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE