Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Gutuna

2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Zertarako da ba egunkari bat, amodiozko gutunak idazteko ez bada? Zer da ba egunkari bat, ez bada maite dugun jendeari idatzitako gutun luze bat, munduan zer gertatzen den kontatzeko, non ibili garen, zer ikusi dugun, zer jende ezagutu, zer esan diguten, zein den gure jendea, zer pentsatzen dugun, zein diren gure pozak, zein gure kezkak, zerekin egiten dugun amets. Egunkari bat mundua egiteko da, mundua egiteko modua, eta munduan egoteko modua.

Egunkari hau da mundua egiteko nire modua.

Bada logika guztietatik ihesi dabilen indar bat hor nonbait, izenik ere behar ez duena, munduan izan litezkeen leku guztietatik bakar batean jartzen zaituena une batez, leku horretara erakarri zaituena, zeuk aukeratu duzun arren ez ote zaituen berak eraman zalantzan jartzerainoko indarra duena. Izenik ez du behar, baina normalean maitasuna esaten zaio. Akaso, berak eraman zaitzan baino ez duzu aukeratu zuk. Izarrak loretan dira, beste guztia berez bezala dator, beldurrik gabe, erraza da aukera egitea.

Aukeratu egiten da munduan egoteko modua, egunero aukeratzen da, eta batek sentitu egiten du aukera zuzena dela. Indar batek ekarri duela honaino sentitzen du.

Orain zu zara munduan egoteko nire modua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA