Esertzeko esan dit dentistak. Estu heldu diet alde bietako beso euskarriei. Aurreko aldian baino lasaiago etorri naiz; urduri, hala ere. Gaur ez dut aurreikusten halako sufrikariorik, baina min apur bat bai. Jubilatzeko puntuan dagoen gizon bat da nire dentista, kontsultan telebista jarrita izaten duen gizon bat. Jatorra.
Telebistak bereganatu du nire arreta gizonak ahoa zabaltzeko esan didanerako. Distrakzio egokia iruditu zait. Espainiar kate pribatu bateko programa bat da, ez dakit esaten zein. Madrilgo Maricarmenen etxegabetzeaz ari dira, putre funtsei buruz, etxebizitzari buruz. Hagin errearen zaporea igartzen dut ahoan. Makinatxoek ez didate telebista entzuten uzten. Donostian etxegabetzen duen Azora putre funtsari buruz hasi naiz pentsatzen. Herreran berriki hustu duten pabiloiari buruz. Gure etxearen alokairuaren prezioari buruz.
«Dena ondo? Aurpegi txarra daukazu», esan dit dentistak eskuak nire aho barruan sartuta. Ez diot erantzun. «Itxi ahoa gura baduzu», esan dit, «baina ez hain estu. Tentsio gehiegi daukazu aurpegian». «Uste dot haginek estuketie toketan jakula», esan diot telebistari begira.