Zerua urdin-urdin topatu dut eguna hasteko logelako leihoa zabaldu dudanean. Gosaltzera jaitsi eta trenaren soinuarekin esnatu dela esan dit pisukideak. Nik normalean ez dut entzuten, baina gutxi gorabehera hogei minututik behin pasatzen da trena gure auzotik; ez diot garrantzi handiegirik eman.
Hankak luzatzeko paseo labur bat egin dugu kafe kikarak hustu orduko. Eskuineko oina izorratuta dauka pisukideak, eta makuluek lagunduta dabil. Haren pausoen erritmora ibili gara nekatu den arte. Bidean gurutzatu ditugun pertsona guztien usainak harritu gaitu. «Oso gertu usainddu dot pertsona hori» esan dut. «Niri ere iruditu zait, bai», erantzun dit berak.
Etzaulki banatan etzanda egon gara eguerdira arte. Tarteka irakurtzen, tarteka elkarri irakurritakoen berri ematen. «Zein dabil berbetan? Altu entzuten dot baten baten abotsa» esan dut. «Bai, gaur dena igartzen da gertuago. Hego-haizea dabil».
Ez dakit benetan den hego-haizea, edo aspaldiko partez kontenplaziozko bizitza eder hau berreskuratu dudala.