oihana arana

Haizea

2025eko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garondoko ileak mordoilotu zaizkit goizean logelako leihoa irekitzearekin batera. Bortitzegi sarrarazten du hego-haizeak eguna logelara; konturatu orduko inbaditzen zaitu, berehala egiten zaitu bere. Zuhaitzetako arramak bihurritu eta leihoak eta ateak kolpetik ixten dituen haize horri buruz ari naiz. Orbela etxe barruetaraino gonbidatzen duenaz. Oinez zoazenean pausoak jauziekin ordezkatzeko gogoa pizten dizunaz.

Euskaldunak hego-haizeari errezeloa diola irakurri izan dut maiz; lurra herdoildu eta burua nahasten omen dituelako. Esango nuke pizten duela grina eraikitzaile interesgarri bat ere: «Askeago izateko desio ederra» deitu zion Lurdes Iriondok Hego Haizearen ipuinak izeneko liburuan. «Eta orain banoa hor zehar xixtu egitera. Kantuz eta xixtuz haize izatera. Agian, ni entzutean, askeago izateko desio ederra sortuko zaizue barruan: itsasoa bezala, ipurtargiak bezala, xomorroak bezala. Eta horrela, banoa, banoa…».

Uste dut ez daukagula beste erremedorik: hego-haizearekin fidatzen ikasi behar dugu. Euskalduna ez da inozoa, baina beti jakingo dute guk baino gehiago itsasoak, ipurtargiek, xomorroek…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.