Urtebetetzeak, urteurrenak… ahaztu egiten zaizkit gehienak. Gustatzen zaidan arren, ez naiz oso ona datekin akordatzen. Badaude, hala ere, sekula ahazten ez ditudan batzuk. Horietako bat da gaurko eguna. Maiatzak hamalau. Urtero akordatzen naiz. Urtero egiten dit salto bihotzak eztarriraino. Oholtza baten gainean bertso bat kantatu nuen lehen aldiaren urteurrena da.
Bi mila eta hamaika zen. Bederatzi urte nituen, alkandora zuria eta zapata beltzak. Eguraldi ona egiten zuela uste dut. Zortzi bat lagun igo ginen oholtzara, jende dexente zegoen Aretxabaletako plazan. Tartean gure gurasoak. Ilaran jarri ginen hiru mikrofonoren aurrean. Elkarri begiratu, eskuak poltsikoetan sartu eta «Bat, bi eta hiiiru», esan zuen batek. «Maiatzak hamalau zapatua/hainbat bertso zuentzako…» hasi ginen kantari.
Hamabost urte bete dira gaur. Hamabost urte zirrararen eta beldurraren arteko gorputzaldi hori lehenengoz sentitu nuenetik. Hamabost urte gure aitak bertsolari izendatu gintuenetik. Ospatu egingo dudala uste dut.