Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Hara

2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Halabeharrak garamatza, eta badakigu. Ez dago kausarik, ez dago ondoriorik, ez dago lotura zuzenik. Gauzak apur bat nahasiagoak izaten dira; istripuak, ustekabeak. Zer esanik ez, herrien historian. Baina so egiozu zeure buruari: nolatan iritsi zara hona, asmatuko zenuke bidea atzekoz aurrera azaltzen, emandako pausu bakoitzaren zergatia argi eta garbi adierazten? Ez, benetan, ez daukazu behingoagatik zeure buruari ipuin lasaigarririk kontatu beharrik; egizu ariketa: nola heldu zara hona?

Halabeharrak garamatza, baina egin ezin dena erabaki politikoen eraginak halabeharrari egoztea da. Mundiala da, esate baterako, Espainiako presidente Raxoi, erreskatearen auzia konponduta futbola ikustera joan zen huraxe bera, Europako Txapelketa irabazi ostean giza izaeraz gogoeta egiten hastea: oroz gain eta batez ere gizakiak gara; batzuek arazo batzuk dituzte, beste batzuek beste batzuk.

Halabeharrak garamatza, baina ez gara ergelak. Geroz eta argiago dago zeintzuk diren gure arazoak: izen eta abizenak dauzkate. Amorruak janda ez bizitzen saiatzen gara ordea. Eta soluzioak bilatzen, erantzun bat antolatzen, elkartasuna ehuntzen, etorkizuna eraikitzen, askeago izaten.

Hara beharrak garamatza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.