Gure aitarenetik hartu nuen kikara txiki-txiki baten aurrean nago, hiru kafe tanta eta esne hotza. Gurea ez den arren, geuretzat hartu dugun lur zatian, desagertzeko puntuan dagoen egurrezko mahaian eserita, zeru urdinaren azpian.
Duralex markako katiluen kolorekoa da. Marroiaren eta laranjaren arteko zerbait. Izebak azaldu zidanaren arabera, gure aitaitarena zen. Gure amama hil zenean gure aitak beretzat hartua. Kikaratxo horretan hartzen ei zuen aititak gure amamak ura eta neskafea nahastuta preparatzen zion edaria, kafezaleek kafe deituko ez luketen arren, harentzat hala zena. Gure aitak hartu zuenerako, ni jada ez nintzen harekin bizi, beraz, zoritxarrez, ez daukat kikaratxoa eta aita lotzen dituen eszena domestikorik gogoan.
Urte luzetan izan naiz kafea hartzen ez duen jende klase hori. Baina objektu honekin hain familiena den transmisio bertikal hau gertatu izanak ekarri du kafea nire bizitzara. Eta hemen daramatzat kafe hotza hoztuko ez dela jakitun, hogei minutu edo, herentziak sinbolikoak ere badirela pentsatzen.