Hezurretako minarekin iritsi naiz etxera. Barru-barruan sentitzen nuen nekea. Hankak garbitu, gorputza sofari eman eta isilik egoteko beharra nuen. Eta hori egin dut. Egun batzuk jendez inguratuta igarotzea aski zait bakarrik sentitzeko beldurra izatetik bakarrik egoteko beharra izatera pasatzeko. Kontuak horrela, ez zait okurritu arratsaldea Julia Viejo idazle madrildarraren Anidan minerales liburua irakurriz betetzea baino plan hoberik. Egiari zor, Hezurrak izeneko poema batekin akordatu naizelako aukeratu dut liburua: jakin egin behar da gorputzaldiari ondo datozkion irakurketak aukeratzen.
«Eskeletoa gorputzetik kanpo eramango banu/ krustazeo bat banintz/ edo Flandriako terzioetako soldadu bat/ nire hezurrek dozena bat neskatilla txangozalek bezala/ egingo lukete
berba./ Baina nire hezurrak isilik daude/ ezer ordaindu gabe palazio epel bat habitatzeko aukera dutelako/ eta hezurrek inoiz ez dutelako berbetan jakin».
Nik uste dut nireek badakitela berba egiten, baina isilik egoteko gogoa izaten dute gaurkoaren moduko egunetan.