Gure aitaren urteguna izan zen atzo. Hirurogei beteko zituzkeen. Iratzargailuak goiz joagatik berandura arte egon nintzen ohean. Minari oparitu nion lanerako erreserbatutako goiza. Normalean baino gehiago pisatzen zidaten hezurrek. Pisukideak propio prestatutako tortitak hoztuta zeuden sukaldera jaitsi nintzenerako. Gainean txokolate ontza bana jarrita sartu nituen mikrouhin labera. Eskertu nuen txokolate beltzaren mingotsa.
Hamaika ziren gosalostean egin nitzakeen ekintzak: eguzkitan irakurtzea, paseatzea, bulegoan esertzea, atzera ere ohera joatea… Baina geldi geratu nintzen. Hustutako plateraren aurrean geldi. Begiak sukaldeko harlauza zurietan iltzatuta. Ez dakit zenbat denbora pasatu nuen horrela. Batzuetan, denborak ez du aurrera egin nahi izaten. Aspaldi da minaren denborak logika linealaren barruan ulertzeari utzi niola.
Hiru urtebetetze pasatu dira hil zenetik. Oraindik ez dut asmatu ospatzeko modu egokirik. Minari neure aldamenean egoten utzi diot aurtengoan. Ematen duen baino zailagoa da.