Eguna uhandituta hasten da, aseta, zopatuta, bete-bete eginda goizean goizetik, eta gizentzen joaten da erlojuak denbora hiltzen duen heinean, nahi beste iturri daukazu aukeran, arrantza egiten duzu egunero, eta sareak zeu zauzka harrapatuta. Leihoa ireki, beste bat ireki, gauza bat entzun, bestea irakurri, tuitak jarraitu, mezuak idatzi, batere patxadarik gabe heltzen diozu munduari, eta askotan etortzen zaizu burura, nola bizi ginen internetik gabe?
Ez zara prehistorikoa, ez eta prehisterikoa ere, ordurako urduri esnatzen zen eguna, ordurako abaila bizian zebilen mundua, beti ezagutu dituzu telebista eta telefonoa etxean, erlojuak ere bat baino gehiago zeuden, sukaldean bat, egongelan bestea, eskumuturrean zeurea, baina ez zeneukan erlojuaren menpe bizi zinelako sentsaziorik, eta batez ere, ez zitzaizun iruditzen eguna hainbeste gizentzen zenik ilunsentiarekin batera zapart egin arte. Egunean albiste bat egoten zen, asko jota; gehienetan, ezta hori ere.
Orain berriz eguna uhandituta hasten da, aseta, zopatuta, bete-bete eginda, eta gizentzen joaten da, puztu, puztu eta puztu, gauarekin hiltzeko. Ez dago iraganik, ez etorkizunik. Gaurko eguna beste konturik ez dauka munduak.
Jira
Histeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu