Gaia oso da delikatua, eta tentuz ibiltzekoa, haur pornografia aipatze hutsak aztoratu egiten gaitu, beldurra sartzen zaizu, zeureak dituzu gogoan, seme-alabak, ilobak, bilobak, eta krimen guztietatik makurrena iruditzen zaizu, haurrari munduaren zikina indarrez erakustea da hori, bizitza osorako markatuta uztea, haurtzaroa txiki-txiki egin eta ezerezera botatzea. Hori guztia eta gehiago etortzen zaio bati burura haur pornografia entzuten duen bakoitzean. Eta behingoz, ondo ikusten du legeak zorrotzak izatea.
Baina bada, edo bazen, edo inoiz izan dela sinetsi nahi izaten dut, legearen aurretik baliatu beharko litzatekeen zentzu bat, kasu bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu, larritasuna neurtu, eta haren arabera erabakitzen duena. Joan zela ematen du, ordea. Orain dena arautzen da, den-dena, eta batek gutxiena uste duen kale bazterrean ere bada debekuren bat, hemendik ez joan, moteldu abiadura, kalea hortik ez gurutzatu. Dena arautu behar horrek, zuzentasun politikoaren gehiegikeria erakusten du. Eta askatasun falta ikaragarria. Nola zen beste hura, askatasunari beldurra?
Histeriak jota bizi gara. Baten bati argia piztu zitzaion: zuzendariak du errua, pelikula botatzeagatik.
Jira
Histeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu