Eta hor nonbait joango da kartzela ere. Hemen bilduko dituzte era guztietako hondakinak. Donostiako lurrak dira, baina urrun daude, aparte, turistek ez dituzte ikusiko, eta gu ohitu egingo gara. Gure etxe azpitik pasako dira Gipuzkoa osoko zaborrak, baina zer egingo diogu ba, baten baten etxe azpitik pasa beharko dute, ez? Etxea saldu eta beste norabait alde egin, horretan ari da ahal duen oro, baina zaila dago, gure aldameneko bikotea oraintxe banatu da, eta etxea saldu ezinda dabil emakumea. Erraustegia egiterako salduko du akaso, eta bestela ere zer ba, hauts zara eta hauts bihurtuko zara esaten ziguten txikitan.
Mikel Peruarena aipatu nion, egiten ari den lana, irakurri al duen bere bloga: Zeinek erre nahi ditu hondakinak?
Idazlea da, kazetari lan zorrotza ari da egiten, kausa galdu baten alde ari denaren kontzientziak daramala esango nuke, makina bat txosten aspergarri eta albiste nazkagarri irakurri beharko zituen, baina argia ekarri du negozio ilunen artetik, izen batzuk atera ditu, merezi du tarte bat hartu eta irakurtzen joatea.
Lanak jaten dit eguna, eta familiak. Geratzen zaidan apurra argazkiak egiten ematen dut. Hipodromo ondoko putetxearekin hasiko dut seriea.
Jira
Hondakinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu