oihana arana

Hondartzatik

2026ko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hondartzan egon gara arratsaldean. Gehiagotan egin beharko nuke. Ahaztu egiten zait azala uretan freskatu eta gero sonbrillapean egoteak ematen didan poza. Lehortu arte egon naiz aldameneko nukleokoen elkarrizketei adi. Grazia egiten dit jendearen elkarrizketa arruntak hain bestelakoak direla ikusteak. Azaleko tantakatxoak desagertu zaizkidanean, ile umela motots batean bildu, eguzkitako betaurrekoak jantzi eta poltsan neukan liburua irakurtzen egon naiz apur batean. Zortziak aldera gertatu da: jende guztiak etxeratzeko ordua zela erabaki du bat-batean. Liburua itxi dut, baina betaurrekoak kendu ez. Maskara ona dira kuxkuxeroontzat. Asko gustatzen zait jendearen mugimenduei adi egotea. Bainujantzi bustiaren gainean jantzi du lehorra gure aurreko andreak, gero azpikoari tiraka egon da minutu erdiz edo, hanka bakarraren gainean saltoka. Kostatu zaio, baina lortu du kentzea. Beste aldeko gizona zortzi minutuz egon da toalla azalari itsatsita, azkenean hondarrez betetako galtzontzilloak janzteko. Lepotik belaunetaraino iristen zitzaien gona luze banaren azpian aldatu dira gure aldameneko hiru nerabeak. Liluragarria zait elkarri ipurmasailak segundo erdiz ez erakusteko hartzen dugun lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA