Gero eta etsipen handiagoa sortzen dit hirira joateak. Gero eta arrotzagoa zait dena. Azkarregi aldatzen da paisaia. Ixten ari dira etxe ziren leku guztiak.
Ipini diote itxiera data Donostiako Hontza liburu dendari ere. Ziztada handi bat sentitu dut hor nonbait, oso barruan. Martxoaren 31. Ez dakit oso ondo zergatik, baina data agendan apuntatzea izan da atera zaidana. Bihotz hautsi bat marraztu dut hizkien aldamenean. Kutrea da, baina esanguratsua. Isilik egon naiz apur batean. Eskuak izterren barrualdean jarrita. Triste nagoenean baino ez dut lortzen ezertan ez pentsatzea.
Pertsona erromantikoa izaki, despedida txukun bat diseinatu guran ibili naiz pentsakor. Ez da erraza agur esatea. Sinpleak diruditen erabaki sakon pila bat hartzeko beharrizana sentitu dut bat-batean: noiz joan, nola, norekin, zer erosi… Pare bat minuturen buruan akordatu naiz. Bizilagunekin plataformak desazkunde turistikoa defendatzeko argitaratutako Hau ez da cheesecake bat izeneko fanzinea izan zen bertan erosi nuen azken gauza. Uste dut ez naizela berriz itzuliko. Ez zait ziklo amaiera hoberik okurritzen.