Aspaldi entzun bako esaldi bat entzun dut gaur paseoan ari nintzela: «Zer gurago duzu: jatea, lo egitea edo larrutan egitea?». Ez dakit elkar aspaldi ikusi ez duten lagunak edo bigarren edo hirugarren zitan zeuden protobikote bat ziren. Energia antzekoa da kasu bietan. Lo arinekoa naizen arren, (edo horregatik, akaso) beti bozkatzen dut lo egitearen alde.
Asko zaintzen dut loa. Izarak eguzkitan lehortzea gustatzen zait, etxeko arropak eta lotarakoak bereiztea, logelan argi gorria baino ez piztea...; edredoiari funda laguntzarik gabe aldatzeak pereza handia eman izan didan arren, norbere duintasuna erregulatzeko ariketa interesgarria dela pentsatzen badut, gusturago egiten dut.
Une oro nekatuta bizi da jende guztia. Eta badakit... erritmo azkarregiak eta hiriak eta lan prekarioak eta zaintzak, eta abar. Baina kalitate txarreko loa ere bada. Komeni zaigu neurri batzuk hartzea: gauez scrolleatzeari eta txateatzeari uztea, adibidez.
Txorakeria dirudi, baina nago ez ote ginatekeen zoriontsuago eta osasuntsuago biziko elikaduraz eta ariketa fisikoaz arduratzen garen beste arduratuko bagina ondo lo egiteaz.