Opor osteko lehen astea beti da okerrena. Egin gabe utzitakoak eta eginbehar berriak pilatzen zaizkit bulegoko mahaiaren gainean. Honi deitu; hari idatzi; hara joan; hona etorri; hau hasi; beste hura bukatu. Goizegi irten naiz egunero etxetik; beranduegi itzuli.
Hara-hona nenbilela egin ditut egin beharreko deiak; lanekoak eta bihotzekoak. Robot ahotsa izan dut lehenengoetan; ahots nekatua besteetan. Konturatu egin da jendea. Kezkatu egin dira. Esan egin didate. Ohikoarekin alderatuta oso diferentea da nire nekatu ahotsa. Baxua. Baxu berbaren adiera guztiak dira baliagarriak kasu honetan. Tarrazean ibiltzen ditut berbak, autotik etxera bidean oinak bezalaxe. «Kantzauta nauelako da, e», esan diet tristura intuitu duten horiei guztiei.
Luzea izan da astea. Hala ere, uste dut etorri naizela neure onera. «Geranixue emuten dau, baina ez dakitt geranixue dan», idatzi nuen orain dela hiruzpalau aste bulegoko paretan itsasi nuen post-itean. Gaur landare berri baten izena ikasi du nire lore-hiztegiak.