Uda garaian berdin idazten ote duten galdetu nahi nieke Andoni Egaña edo Itxaro Bordari. Nola dute forma bera azaroko astearte bateko eta uztailaren 15eko zutabeek? Badut dokumentu kaotiko bat, maskorrak eta zinema sarrerak gordetzen diren kaxen tankerakoa, momentuan gustatu eta gerora zerbaitetarako ustez balioko duten esaldiz betea. Idaztea deitutako ataleko azken oharrak hauek dira: «Idaztea gustatzen zait, baina batzuetan derrigortu egiten dut neure burua» (Cristina Barrial). Horrela da denenean, edo? Zer da derrigortzea musikariarentzat, atletarentzat, prostitutarentzat? «Ezin izaten dut neure burua ezer idaztera behartu. Idaztearen ausentzia oso naturala da niretzat, bakardade aldien gisara, edo maitemintze garaien modura. Egia esan, nahi dudanean bakarrik idazten dut» (Camila Sosa). Nahi dudanean bakarrik. Nahi dudanean bakarrik. «Ez nekien bizitza zati handi bati uko egin behar zitzaionik benetan idazteko» (Enrique Vila-Matas). O, ez. «Gutxi idatzi, baina ondo idatzi/ baina inork ez dezala jakin/ zer den ondo idaztea/ zer den gutxi/ zer den idaztea» (Mariano Blatt).

Idaztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu