Zera ikustea suertatu zait gaur: ume bat idaztera jolasten; lauzpabost urteko ume bat. Koaderno txiki bat esku txiki batentzat. Umeak estu heltzen zion arkatzari, eta helduak hitzak esaten zizkion banan-banan. Amaitu orduko eskatzen zuen beste bat. Idatzi eta idatzi zebilen umea. Txakurra. Letra batzuk handi-handi, beste batzuk ia ikusezin. Janaria. Eskaileran behera hizkiak. Belarra. «Oso ondo dago, maitea, baina erre bat gehitu behar diozu: be-la-rrrrrra». Hunkitu egin nau hain ekintza xumeak, irribarre eginarazi dit.
Nik ere baneukan koaderno bat adin buelta horretan. Ni ere jolasten nintzen hitzak pilatzera. Hitz bera behin eta berriz idaztera. Objektuak, zenbakiak, maite nituenen izenak... bata bestearen gainean jartzera. Gutxi iraun dit nostalgia goxoak, aspaldi da ohar horiek guztiak paperean hartzeari utzi niola. Pena ematen dit umetako ariketa horien guztien ondorena hain modu ez erromantikoan gorpuzteak: orain, hatz-markaz betetako pantaila baten aurrean nago, hunkitu nauen eszena bat idazteko teklak abiadura bizian sakatzen. Espero dut gaurko eszena ederrarekin akordatuko naizela idaztea jolastea dela ahazten zaidan aldietako bakoitzean.