Afariko platerak harraskan utzi eta korrika abiatu ginen Usurbilgo Dema plazara zapatuan. Mikel Laboak, Joxean Artzek eta Jose Luis Zumetak orain dela bost hamarkada egin zuten Ikimilikiliklik ikuskizunarekin elkarrizketan eta Edurne Azkarateren gidaritzapean Iñaki Salvadorrek, Oreka TXko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarrok, Libe Kortazarrek, Intza Alkainek eta Itziar Garalucek sortutako Ikimilikiliklik Vol. 2 emanaldia ikustera joan ginen. Ezer gutxi dakit Ez Dok Amairukoen emanaldiaz, baina zapatukoaren zirrarak azalean irauten dit oraindik. Ez daukat gainontzeko artista garaikideak eta iraganekoak gutxiesteko inongo asmorik, baina oso gutxitan sentitzen dut Intza Alkain oholtza baten gainean ikustean sentitzen dudan zera deskribaezin hori.
Noan harira, euskal kulturgintzaren iragan loriatsua omentzeaz gain, tradizio berbaren inguruko hausnarketa oso interesgarriak mahaigaineratu zituzten. Eta uste dut, hori dela, hain zuzen ere, emanaldi honek betetzen duen funtzio garrantzitsuetako bat: tradizioa fikzio multzo bat dela erakustea. Zera geratu zait niri: jaso dugun honekin guztiarekin zer egingo dugun pentsatzea, garen hau nondik jaso dugun jakitea baino inportanteagoa ez ote den hausnartzen hasteko galdera bat.