Gauza gehienak ez dira bat-batean amaitzen. Uda ere ez. Poliki-poliki laburtzen dira arratsaldeak, pixkanaka datorkigu azala eguzkia hartu aurreko tonalitateetara… konturatu orduko udazkenak hartzen gaituen arte. Ez da haustura, trantsizioa da.
Hala ere, iraila iritsi da eta triste igartzen dut jendea. Tristura arraro bat da, ordea. Kontenitua. Erdi pozik egoteko ahalegin sakona egiten ari gara denok; eguna lanean pasatu arren, arratsaldeak luzatzen. Terrazak beteta daude, oraindik inork ez du jertserik janzten haize freskoa altxatzen denean, biharrari baino garrantzi handiagoa ematen diogu orainari.
Badute zerbait iraileko arratsaldeek. Ez dira abuztukoak bezalakoak, zurrunagoak dira, horregatik ez ditugu hainbeste maite. Baina maitasuna ez da bizitzako gauzarik inportanteena. Itxaroten dakiten arratsaldeak dira irailekoak. Kaleko harri epelaren gainean edo sofako mantape goxoan, udazkenean tristeago biziko garela bageneki bezala luzatzen ditugu iluntzeak, eta horretarako giroa oparitzen digu egunero-egunero. Gauza handia da hori.