oihana arana

Iluntzean

2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txakur handi bat doa nire aurretik, pauso motelez, munduak presarik izango ez balu bezala. Hogei metro aurrerago doa jabea, lasai, txistuka; badaki txakurrak bidea ezagutzen duela. Runnerrak datoz kontrako norantzan, aldapa gora. Arnasa estu, izerditan. Presa existitzen dela gogorarazi gura izan digutela iruditu zait. Ez ditut agurtu.

Petrilean eseri naiz esku biak harriaren kontra jarrita. Nire adin bueltakoak izango diren bi elkarri besarkatuta daude pareko kotxearen atzeko aulkietan. Grazia egin dit eszenak. Zerbait intimoegia ikusi dudalako lotsaz edo, urrunera luzatu dut bista. Zeruertzera. Ilunabarra ikustera etorri naiz. Gogoa eta astia nuen; ez da ezer gehiago behar.

«Bukatu da astie», pentsatu dut more eta arrosa koloreek urdina ordezkatu dutenean. Hasperen txiki batek egin dit ihes esaldia bukatzearekin batera. Lurrera jaisteko saltotxo bat egin, eta irribarre txiki batekin noa etxerantz. Lehen topatu dudan txakurraren antzeko pausajearekin: eskuak poltsiko hutsetan sartuta.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA