Margo Glantz eta Tamara Kamenszain Ya te llegará gutun bilduman adiskidetasunaz ari dira, euren testuak erakusten dizkiote elkarri, eta elkar kritikatzen dute. Gutunetako batean Glantzek laguna zoriontzen du Guggenheim beka irabazteagatik, bere poza adierazten dio, eta onartzen dio pena handia sortzen diola berak irabazi ez izanak. Ez dio kexa tonuan esaten, eta erantzunean ere ez da errukirik nabari. Nolabait, inbidia adiskidetasunaren zati bat izan daitekeela onartzen dute, nola ez ba.
Lagunei inbidia diegu, baina kuriosoa da noiz aitor daitekeen: laguna oporretan Balira joan bada, bai —uau!—, edo gu lanean ari garela mendi buelta bat eman badu, edo nahi beste jan eta gizentzen ez bada, «ze inbidia» esaten entzun dugu. Ordea, gehiago kostatzen zaigu inbidiari leku egitea lagunen lorpenen aurrean, estatusa badago tartean, edo zuk izan nahi duzun bizitza bat.
Inbidia sanoa edo inbidia txarra dilema baino gehiago, filosofiako irakasle hark egindako galdera interesgarriagoa egiten zait niri: zer uste duzue, laguntasuna existitzen dela lagunak existitzen direlako, edo lagunak existitzen direla laguntasuna existitzen delako?