Goiz esnatu naiz. Bakarrik nago etxean. Ez da sarri gertatzen. «Ondo sartzen da bakardadie neguko domeka goizetan», pentsatu dut sukaldeko mahaiaren gainean laranja bat zuritzen nuen bitartean. Ez kanturik, ez berbarik, ez pausorik. Ez dago zaratarik. Atzamarrek laranjaren kontra egiten dutena bakarrik.
Pisukideak sarri infusioz betetzen duen botilari begira jan dut laranja. Ez dakit bart gehiegi afaldu nuelako edo, baina ezinegona dut tripetan. «Hartuko neuke ba holako apur bat», pentsatu dut botila eskuetan hartuta.
Pisukideari deitzea erabaki dut. Jaikita egongo da honezkero. «Egun on, maitia! Gauza bat… Zelan eitten dozu zure infusiñue? Tripetatik enau oso ondo ta…», esan diot. Astun nabaritu ditut berbak, lanbroak hartuta egongo balira bezala: beti da urrunagoa goizetako ahotsa. Segituan azaldu dit: «Ur litro batera bota bost iltze, koilarakadatxo erdi anis, koilarakada handi bana oregano eta ezkai, jengibrea ere beste hainbeste… eta horrekin nahikoa».
Errezeta apuntatzeko erabili dudan papertxoaren atzeko aldean ohar bi idatzi ditut urak berotzeko behar izan duen tartean: Zerk egiten du etxe bat etxe? Zenbat jende behar dugu inguruan domeka goiz bakartiak erosoak izan daitezen?