oihana arana

Internetik gabe

2026ko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure etxetik ehun eta berrogei kilometrora nago. Aldameneko herritik ere oso urruti dagoen leku batean. Pelikula frantses erromantiko horietako bateko dekoratua izan zitekeen, baina gure oporlekua da. Zelai handi batek inguratzen duen harrizko etxe handi bat da, kanpoan fresko egoteko eta kanpoan kiskaltzeko aukera ematen duten horietakoa. Gorputzari egoten uzteko egokia.

Iritsi eta berehala jabetu ginen: ez dago estaldurarik. Ezta internetera konektatzeko beste modurik ere. Hasieran ez zitzaidan ideia txarra iruditu. Harik eta horrek egunkaririk gabe gosaltzea, musikarik gabe kozinatzea, beste inoren berririk izan gabe egotea... esan nahi zuela konturatu nintzen arte. Egiari zor, momentu horretatik aurrera, oso umore txarreko egon naiz une batean baino gehiagotan. Nik ere ez dut sekula guztiz onartu mobilarekiko dudan adikzioa.

Ohitzen ari naizela uste dut, hala ere. Hainbeste, ezen lasai hartuko baititut zutabe hau zuengana irits dadin bidali behar dudan emaila prestatzeko ordenagailuarekin borrokan pasatu beharko ditudan berrogei minutuak ere. Txitxarrak entzuten ditut belar lehorra zapaltzen dudan bitartean. Hori izango da oporretan egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA