Donostiara itzuli nintzen atzo. Autobusean joaten naiz normalean, baina banekien gaua azken autobusa baino beranduago amaituko nuela. Afaria neukan. Arratsalde-pasa joatea erabaki nuen. Errekadu batzuk egin, maite ditudan txoko batzuk ikusi, eguzkitan irakurri... plan ona zen. Pozik abiatu nintzen etxetik. Hain nengoen pozik, ezen nahita aparkatu bainuen kotxea urruti. Afaria nuen lekutik berrogeita hamar minutura edo. Aspaldiko partez gauez Kontxako pasealekuan barna ibiltzearen plazera sentitzera behartu gura nuen neure burua. Spoiler: ez zen ideia ona izan.
Eder joan zen arratsaldea. Baina gauak konplexuagoak dira beti. Iragana Donostian bizi da. Eta indartsu egon behar du norberak iraganari begietara begiratu ahal izateko. Oso nekatuta nengoen, eta nekeari nostalgia gehitzen diodanean triste ipintzen naiz beti. Zurrunbilo ilun baten erdian egin nuen kotxera iritsi arteko bidea. Begiak bete-beteta. Ez nekien hala zenik, baina ikasi dut jada: orainera lotuko nauen zerbait behar dut iraganari bisita egin ahal izateko.