oihana arana

Iraganeko gu

2025eko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denok gara beste jende baten beste bizitza batzuetako jendea. Kategoria astuna iruditzen zait: eta are, uste dut horrekin lotuta dagoela aspaldi ikusi bako jendearekin topo egin eta pare bat egun irauten didan gorputzaldi konkretua. Ez dakit nola deskribatu, zerbait fisikoa da: pisua sentitzen dut sorbalda bien gainean. «Iragana etorri zait gainera» esaten dut inork arraro nagoela sumatzen badit.

Amaren etxeko nire logelara sartzen naizeneko sentsazioaren antzekoa da. Ederra eta nahasgarria. Armairua zabaldu eta sekula berriz jantziko ez dudan baina nire identitatea eraiki duten arropak daude bata bestearen gainean. Irakurrita ditudala esateak lotsa ematen didan liburu pila bat apaletan. Iraganaz mintzo diren oharrak, argazkiak, objektuak nonahi.

Ahal dela, iskin egiten diot beti logela horretan sartzeari. Eta zergatik egiten dudan ulertu arren, pena apur bat ere ematen dit. Horregatik erabaki nuen zapatuan kalera 15 urte nituenean nire outfit gustukoena zena jantzita joatea. Espero nuenaren kontrara, inori ez zitzaion arraroa iruditu: neuri ere ez. Balioko ahal digute halako erritualtxoek iraganeko gu horiekin guztiekin adiskidetzeko.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.