oihana arana

Irakin arte

2026ko otsailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakinontzia piztu eta hiru pauso egin ditut infusioen armairuraino: urak irakin arteko denbora daukat zein hartu erabakitzeko. Eskerrak existitzen diren halako muga batzuk.

Adi-adi nago denen izenak irakurtzen. Zer daukaten baino, zertarako diren azaltzen dute gehienek. Harritu egin naiz. Amaren etxeko botikinarekin akordatu naiz ezinbestean. Nik ere boligrafo urdinez idazten dut orain botiken kutxetan: Erredurentzat; Tripako-minarentzat; Azkurarentzat. Infusioak saltzen dituztenek boligrafoz idaztearen plazera kentzen digutelako haserretu naiz lehenengo. Ekintza guztiak zerbait konpontzeko edo zerbait hobetzeko egiten ditugula pentsatzeak beldurtu nau gero. Gehiegi pentsatzen ari naiz eta ez naiz ezer erabakitzen ari. Infusio bat hartzea lasai arnasteko tartetxo bat hartzea zen gaur arte niretzat. Orain ez dakit zer izango den.

Prest dago ura. Armairutik atera ditut lau: Barne-harmonia, Amets goxoak, Bihotza berotzeko, eta Bizitza pozteko diotenak. Ez dakit zein behar dudan gehien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA