oihana arana

Irakurtzea

2026ko maiatzaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amantala jantzi eta labana txiki batekin garbitu ditut atzo erositako zerben orri-mamiak. Gorroto ditut barazkien hari zurrunak, horregatik hartzen dut lan hau. Heldua izan arte ezezagun zitzaidan lan klasea da, ikusezina. Egiten ez denean bakarrik igartzen dena. Ezkerreko aldean jarri ditut garbitutako zatiak, eskuinekoan mutxikinak. Irratia piztu eta kras-kras, badaramatzat minutu batzuk sukaldeko mahaian eserita. Amamaren etxean potxen lekak irakurtzen genituenean bezala. Garandu esateko irakurri esaten da gurean. Irakurri esateko leiru.

Umea nintzenean, irakurketa ekintza kolektibo bat zen, beraz, niretzat. Elkarri kontuak kontatu bitartean eskuekin egiten genuen zerbait. Briskan jokatzearen antzekoa. Artisautzatik gertu dagoen zerbait. Poemak boz goraz irakurtzen ditudan aldiro akordatzen naiz momentu horrekin.

Zoragarria da polisemia: bestela lotuko ez genituzkeen munduak jartzen ditu elkarren ondoan. Eta nik, bien artean jarraitzen dut: zerbak egosten diren bitartean poemak leiruten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA