oihana arana

Irten eta egon

2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste osoa moñoa eta txandala kendu gabe pasatu eta gero, hamar minutu edo emango nituen atzo komuneko ispiluaren aurrean adatsa txukuntzen. Gero eta gutxiagotan agertzen da nire barruko femme-a, baina agertzen da oraindik tarteka. «Ule luzie daukotzu zuk be…» esan nion, badakit gustatu zitzaiola. Orrazia utzi eta berehala aukeratu nituen aurpegiko krema, kakaoa, perfume tanta batzuk… Presarik gabe jantzi eta «ze txaketa aukeratukot: hau ala hau?» esan nien sukaldean zeudenei. «Buelta bat emutera noia Donostira, aspaldi enaz fan ta».

Hamar minutu edo egon nintzen autobusaren zain. Eskuak poltsikoetan sartuta, kantu bakoitza zein txoriri zegokion bereizi guran. «Leku ederrien bizi gara», esan nuen neure baitarako.

«Pozik zatoz zu», esan zidan pisukideak iluntzean atetik sartu orduko. «Bai, on ein duzt urtetiek», esan nion oinetakoak erantzi bitartean. «Urten ein bida gauzak pasau daittezen», gehitu nuen. «Egon ere egin behar da, e», erantzun zidan. «Bai, jakin bida urteten eta egoten. Ez da komeni norbere buruai ihes eitten ibilttie be».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA