Badira hitzetan kabitzen ez diren erantzunak, isilunetan babesten direnak. Irudi batek milaka hitzek baino balio gehiago dutela diote gauza jakin gisa, baina inork ez du kuantifikatu, paradoxan ez amiltzeko, isilune batek zenbat hitzen balioa izan dezakeen. Isilune batzuetan ozeano bat sar daiteke, familia oso bat, bizitza oso bat. Hildako asko sar daitezke isilune batean, eta amairik ez duen bidegabekeria. Isilune batzuek hitz jario totela berdintzen ahal dute. Erretorika tratatu guztiak sartzen ahal dira zenbait isilunetan. Badira isiluneak, zeinen ostean hitzak, etor badatozkeen arren, soberan diren. Hortaz ohartuta jarrai dezake batek hizketan, hortaz ohar ez gaitezen, isilune batzuek zorua zulatzen baitute eta beste mende bateko hamarkada batean agerrarazten.
Isilune batzuek oihartzuna uzten dute.
Isilune batzuek aurrez aurre begiratzen dizute, begietara. Isilune batzuek mundua husten dute eta uzten dute solaskidea biluzik, mozorrorik gabe. Isilune batzuk urrundik datoz, oinaze zahar batetik. Isilune idorrak. Isilune batzuetan denon izenak daude bilduta, ezin ezagutuzko. Isilune batzuetan tintazko oihanak daude.
Isilune batzuk laburpen bat dira, pairatutakoarena, iruditu arren luzapen bat.
JIRA
Isiluneak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu