Han, Artesanako terrazan eserita, jendea lasai zegoen, betaurreko beltzen atzetik munduari so, asteburuari harrera beroa egiten. Astelehenean inauguratuko dute, entzun nuen esaten, San Telmo museoaz ariko zirela pentsatu nuen: bukatu gabeko itxura zeukan. Oraindik lanean ari zirenez, metalezko hesi batek galarazten zuen plazarako sarrera, baina hesia kenduta ere plaza hark ezertarako gogorik ez duela piztuko iruditu zitzaidan, urruti geratzen dela museoa.
Plazak, kaleak, lekuak beraiek ari dira ez-leku bihurtzen, banakako aulkiekin, harrizko itsaso bareegiekin; zuhaitz triste baten gerizperik ere ez da. Ematen du jendea ez ibiltzeko egiten direla plazak orain, ez direla lur azpiko aparkalekua estaltzeko harrizko txapelak besterik. Haurren irudimenak konpondu beharko ditu helduen hanka sartzeak, beti lez.
San Telmo Museoko zuzendari Susana Sotori egindako elkarrizketa zekarren berripaper honek igandean. Harrapatu egin ninduen titularrak: «Gizartean gertatzen ari dena erakusteko ispilu bat da San Telmo». Eta pentsatu nuen, arkitekturaz tutik ere ez jakiteak ematen duen atrebentziarekin, holaxe estali beharko luketela plaza guztia, bai eta eraikin berriaren aurrealdea ere, ispiluz.
Jira
Ispilua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu