oihana arana

Ispilua

2025eko abenduaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gosalostean komunera joan eta hortzetako eskuila hartu dudanean konturatu naiz: ez dut neure burua ispiluaren aurrean jartzeko ohitura handirik. Etxean barrena oinez noala garbitzen ditut haginak normalean; argia piztu baino lehen garbitzen dut aurpegia; kaleko arropak jantzi eta gero ez naiz sekula berriz komunera sartzen… eta etxean ez daukagu beste ispilurik.

Ez diot garrantzi handirik eman pentsamenduari. Harik eta ordenagailua zabaldu eta pantaila beltzak neure aurpegiaren isla erakutsi didan arte. Ez dakit zelan ez naizen orain arte konturatu: ispiluaren aurrean jartzea da, akaso, zutabeak idaztera esertzen naizen aldiro egiten dudana. Egunero-egunero askatzen ditut orrialde honetan neure begi zuloak, makarrak, begi puztuak, aurpegiera arraroak, eroritako moñoak… edo gutxienez, horien kausa izan diren gertakizunak. Eta apurka-apurka orrazten dut adatsa, laztantzen ditut begiak ur epelarekin, ematen dut krema… benetan denaren eta izatea nahiko nukeenaren artean dagoen irudi erdi txukun bat sortzen dudan arte.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.