Bufanda jantzita gidatu dut elurtutako errepideetan barna. Izoztutako paisaiek ematen didaten bake sentsazioari buruz pentsatzen ari nintzela, halako ziurtasun batek inbaditu nau: mundua gera dadin aski da hotz apur bat. Izoztuta neuzkan behatzak eta hatz-mamiak. Topera ipini dut autoko berogailua; agobiatu egiten nau zaratak, baina ezin nuen gehiago. Irratia piztu dut. Zarata zarataren gainean. Trump entzun dut. Itzali egin dut irratia.
Hainbat egun pasatu ditut hara-hona. Nahi baino lan eta mugimendu gehiago ekarri dizkit urte hasiera honek. Azkarregi nabil negua izateko. Etxera iristeko gogoa nuen jada: berriz etxean instalatzeko beharra. Ohi baino luzeagoa izan da bidaia, baina iritsi naiz.
Atea ireki eta segituan igarri dut tximinia usaina. Bizpahiru aldiz hartu dut arnasa, momentuaren ederra sinetsiko ez banu moduan. Sukaldeko atea ireki eta sutondoan topatu dut pisukidea. Txapan kozinatu berri duen oilasko gisatua bazkalduko ote dugun galdetu dit. Baietz esan diot. Aparteko gertakizunak egunerokotasunarekin batera gertatzeak ematen didan poza ezin disimulatuta. «Zerbait gehiago behar duzu?», esan dit. Mundua hankaz gora dagoenean ere, itzultzeko leku bat izatea. Hori da behar duguna.