oihana arana

Itzulera (III)

2026ko otsailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kotxea arrankatu eta Las Nietas del Charli taldekoen kanta malenkoniatsuak jarrita egin dut bizi naizen herritik jaioterrira arteko bidea. Ondoen ezagutzen dudan errepidea dela esango nuke, horregatik kantatzen dut horrenbeste. Lan kontuengatik itzuli naiz gaur. Etxean bazkaltzeko aprobetxatzen dut horrelakoetan. Nire betiko etxeko zapatillak jantzita, nire betiko aulkian eserita. «Nire lekuek nire izeten jarraitzen dau ni ez nauenien?» pentsatu dut arroza ahoratu ahala. Ez galdetzea erabaki dut, badaezpada ere.

Polita izan da bazkalostea: jakak lotu, lepoa babestu eta elkarri eskutik helduta paseatu dugu amak eta biok betiko bideetan barna. Zakar zebilen haizea, gomazkoak ziruditen pinu enborrek. «Jausi eingo diela emuten dau» esan dut. Horrek lasaitzen nau gehien: gertagarriak diruditen gauza gehienak ez gertatzeak. Uste dut apur bat kezkagarria iruditzen zaidala lasaitasun hori.

Lanean jarraitzeko ordua iritsi zaidala iruditu zaidanean, buelta egiteko proposamena egin diot amari. Haurra nintzela landatu nuen arbolaren albotik igaro gara. Errotzeari buruz pentsatzen igaro dut bueltako kotxe bidaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA