oihana arana

Izarak

2026ko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguzkitan lehortutako izara zuriak batzen ari nintzen, izarak inoren laguntzarik gabe tolestea den duintasunaren kontrako ekintza bortitz horretan. Eskuak, hortzak eta bernak. Denak dira beharrezkoak horrelako momentuetan. Izerdi patsetan bukatu dut, ezin zitekeen bestela izan neure gorputzari hain ezezagun zaion bero txar honekin. Nahiko ongi egin dut lana, hala ere. Are, izugarrizko balentria egin duenaren irribarre handiarekin kokatu ditut txukun-txukun izara guztiak egurrezko mahaiaren gainean. Orduan gertatu da: plaust. Azken egunetan etxaurreko gereziondoan gosaltzen duen buztangorri horietako bat izan da. Zirindu egin dizkit izara zuriak.

Arnasa sakon hartu eta ozen hasi naiz barrezka. Izara zikinak besotan hartuta sartu naiz sukaldera karkailaka. Udaberria, gereziondoa, txoria, izarak eguzkitan lehortzeak ematen didan poza… madarikatzea baino egokiagoa iruditu zait barre egitea. Arrazoia eman beharko diet zeru urdinak oso umore oneko jartzen nauela esaten didaten horiei guztiei.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA