Zuek badakizue zelan garbitzen den bihotz bat? Galdera kursi bat ematen du, baina gorea ere izan daiteke. Beste poema liburu baten bila ari nintzela topatu dut Bhanu Kapil idazlearen How To Wash A Heart izenekoa logelako liburutegian. Gauza asko konpontzen ditu izenburu on batek.
Badakit gutxi gorabehera ahalik eta lasaien egoteko; ondo jateko; lo egiteko; lanik ez egiteko; lagun onez inguratzeko; erritualak egiteko… esango zenidaketela gehienok. Baina erantzun horrek ez dit balio. Ez zait izenburuaren neurrikoa iruditzen. Hori guztia egiteko tartea lortu baino lehen konbentzituko nindukete, gainera, Actimel-a edateak arteriak garbitzen dituela pentsatzen duten pertsonek.
Amamari deitu diot azkenean: «Ba animalixen arabera. Hegaztixenak ez die hainbeste garbittu biher; behixena eta txarrixena bai. Oso antzekuek die, baina behixena badauketzu, gehitxuau egosi bikozu. Nahi dozunien etorri eta erakutsikotzut».
Hori zen behar nuen erantzuna: bihotza bere lekutik atera eta harraskan garbitzea izango da, akaso, biderik errazena.