Hedabide gehienei iruditu zaie jakin beharrekoa atzo Vatikanoan hasitako konklabea. Batean eta bestean azaldu dizkigute grafiko, zenbaki eta argazki, zenbat kardinalen artean dagoen hurrengo aita santua, zeintzuk ez diren bertaratu, zergatik ez diren bertaratu, zein den batez besteko adina, nolakoa izango den boto ematea, zenbat bozketa egingo diren egunean, zenbat egin diren historian, zergatik egiten den horrela, anekdotak, txokokeriak, kaleko galdeketak. Hau dena, zer-eta —ulertu dudanagatik— aita santua espiritu santuak erabakitzeko.
Eta iruditu dakidake interesgarria edo ez, eta iskin egiten saiatuko naiz ahal beste edo ez, baina askotan ezin dugu erabaki zer den jakin beharrekoa, eta zer ez. Eta ez, ez diot egin nahi askatasun indibidualari gorazarre, bakoitzaren erabakimenari, baina ez da halako xehetasunik eskaini, ez da halako gastu ekonomikorik egin, adibidez, argindarraren etenaldiaren erantzuleak izan daitezkeen argindar konpainia pribatuez informatzeko, ez zaigu azaldu nola funtzionatzen duten, zein den haien historia, zein diren izen-abizenak. Pentsatua pentsatzen dugu, entzuna kontatu eta badakiguna, askotan, ez da ezagutzen duguna.