Oso gutxitan egoten naiz eguzkitan irakurtzen ari naizenean baino zoriontsuago. Etxaurrean egiten dut aukera dudan aldiro, gure aitak kanpinerako erosi zuen aulki etzangarrian, oinak leihopean daukagun egurrezko mahai herrenean bermatuta. Argazki polita litzateke inork aterako balu.
Esku artean neukan liburua amaitu dudanean, begiak itxita egon naiz apur batean. Sarri samar egiten dut, inportantea iruditzen zait istorioaren amaiera gustatu zaidan ala ez erabakitzeko tartea hartzea. Bertan igaro ditut gaur ere minutu batzuk, azal beroa etzaulkiaren kontra, gorputza eguzkiari emana.
Berriz mundura itzuli naizenean, «Ze asmo dauketzue?» esan diet pisukideei. Norbere kontuetan ari zen bakoitza. Etxeko txoko banatan. «Pasietie eta jolastie proposatzen dutzuet».
Arkumeei bisita egin, urrebotoiekin maitemindu eta berehala iritsi gara aldameneko auzora. Espero bezain ederra izan da arratsaldea: umeak parkean, helduak bankuetan eta ping-pongean gu. Jolasean nabilenean bai, orduan egoten naiz zoriontsuago.