Askotan esaten dut udazkena dela urteko sasoirik onena. Azken egunotako zeruaren edertasuna aski da horren zergatia ulertzeko. Ezin uka dezaket, ordea, beti iristen dela goizegi: bufandak eta mahuka luzeko kamisetak armairuan sartu gabe ditudanean. Erraz ohitzen naiz gero, baina beti harrapatzen nau gorputzaldia guztiz aldatu gabe.
Konturatu orduko kolore guztietako oharrak izaten ditut lehen zuri-zuri zegoen agendan eta konplikatu egiten zaizkit irakurketa saioak eta paseoak; pentsa, etxeko garbiketa sakona noiz egin ahal izango dudan erabakitzeko hiru-lau aste aurrera joan behar izan dut gaur goizean.
Plan guztietara joatea lortuko ote dudan jakiteak baino, etxean lasai eta ondo egoteko tarteak agendatu behar izateak kezkatzen nau gehiago. FOMOaz horrenbeste berba egiten den garaian, horren aurkakoa, JOMO edo Joy of Missing Out (kale egitearen poza) izeneko joera aldarrikatzen hasi omen dira batzuk.
Eta egia esan, ez zait okurritzen udazkenaren deskribapen hoberik. Hori baino ez dizuet opa. Beste guztiak beste zerbait egiten ari diren bitartean, etxean plazerez gelditzea, konpota usaineko arratsaldeak eraikitzen.