Eramateko kafea eskatu, edalontzia esku biekin bildu eta hiru pauso eman orduko akordatu naiz: nik uste baino jende gehiagori zor diot kafe bat.
Berdin dio non: country musika jartzen duten taberna txiki enigmatiko horietakoren batean, betiko terrazan edo gure etxeko sukaldean; kafe bat ez da inoiz kafea bakarrik. «Kafie biher dot» esaten dugunean ez gara kafeaz bakarrik ari. «Gustora hartuko neuke kafe bat zurekin» esanda hasten diren elkarrizketak ez dira kikarak barran uztearekin batera amaitzen. «Gauza bat komentau nahi dotzut… hartukou kafetxo bat?» ahoskatzen dugunerako parekoak badaki zerbaitetan nahastu nahiko dugula.
Badago, ordea, sekula hartzen ez den kafe mota bat: «Ene, aspaldiko! Hurrengo baten kafie hartukogu elkarrekin» esan ostekoa. Kafea amaitu dudanerako konturatu naiz, hori zen, akaso, hainbestetan aipatu diguten heldutasuna: hartuko ez dituzula jakin arren, estimatzen duzun jendeari kafeak eskaintzea. Barru-barruan badakizulako berez-berez benetan hartu nahi dituzula sekula agendaratzen ez diren kafe horiek guztiak.