Amantala jantzi dut harraskako trasteak garbitu ahal izateko. Ohi baino pare bat plater gehiago, koilara txikiak, edalontziak eta kafetera italianoa. Bisita izan genuen atzo. Afalostean kafea hartzen duen jendearen bisita.
Nik ez dut kaferik hartzen. Baina etxean bakarrik nagoenetan ere, beti izaten dut kafetera eskura, espezia multzo lotsagarriki handiaren aldamenean, harri zuriaren gainean jarrita. Geure sukaldeari sukalde batek sukalde izateko behar duen zera hori ematen diola iruditzen zait, berotasuna.
Nik ez dut kaferik hartzen. Baina horrek ez nau libratzen etxera datorren orori kafea eskaini nahi izatetik. «Kafeik hartukozu?», esaten diet amamek postrea hartzera derrigortzen gaituzteneko begirada antzekoarekin. Kaferik ez hartzeak ez du esan nahi aulkitik altxatu, irakinontzian ura berotu, kafea bere potetik atera, kafetera muntatu, bitrozeramika piztu eta kafetera txistuka hasi arte zain egotearen poza sentitzen ez dudanik.
Erritualak behar ditugu, horixe da kontua. Ahaztuta daukagun arren, ekintza segida konkretu bat egin eta ondorio zuzenak jasotzeko zain egoten jakitea da bizitzaren oinarrizko gakoetako bat. Nik ez dut kaferik hartzen. Baina utzi zuentzako kafea gertatu dezadan.