maialen akizu 34 172x172

Kafetegi libre batean

2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzoko kontuak dira hauek. Kafetegian, leiho ondoko mahaian, hirukote bat ari da gosaltzen. Euren artean adin diferentzia dutela iruditu zait, eta elkar agurtzeko moduagatik —«Oskar, aspaldiko!», «Mari, zu hemen? Ei, Irene»— zaila egiten zait elkarren arteko lotura asmatzea, eta gustatzen zait jolas hori. Ez dirudi senide direnik. Bizilagunak? Ez dute lan konturik aipatu. Dantza afrikarretan egingo zuten topo? Gosaltzeko konpainia ez zaio edonori egiten. Kafetegi osoak entzuteko moduan ari dira hizketan: asteburuan jaunartzea du Marik, gaur bero egingo du, Oskar gaizki dabil herniarekin. Croissantak bukatzerako aipatu dituzte asteburuan txosnetatik kanporatutako bi poliziak —«Ez dago eskubiderik!»—, okupen afera –«Nik etxeari su emango nioke horiek nire etxera sartzen badira»—, eta musulmanen Arkumearen Jaia —«Dozenaka ikusi ditut hona bidean. Herriko festak ziruditen»—. Irene egunkaria irakurtzen ari da, eta Gure Esku-ko Josu Etxabururi egindako elkarrizketaren titularra irakurri die: «Erabakitzeko eskubideak euskal herritarrengan zubi gehiago behar ditu, ez arrakalak». Erabakitzeko eskubideaz hasi dira. Ez daude ados euren artean, eta erabaki dute libreki marmar egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.