maialen akizu 34 172x172

Kamisetari

2025eko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nerabezaro aurreko garaian —nola deitu 10 urteko neskatoari? Haurra? Gaztetxoa?— futbolzale amorratua nintzen. Etxetik ateratzerako, lehenago ahaztuko nuen neure itzala baloia baino. Herrian nesken futbol taldea sortzea kosta-eta, jokatzeko mutikoen aukerarik ez-eta, pixkanaka futbola utzi eta eskubaloian katigatu nintzen. Orduan baina tapa-tapa esan nitzakeen gizonezko futbolarien izenak —Kovacevic, Karpin, Nihat, Yeste, Lopez Rekarte…—, eta futboleko kamisetak izaten ziren nire urtebetetzeetako opari. 

Atzoko San Mameseko partidaren bueltan gogoratu dut. Etxekoek Londresera egindako bidaian handik zein kamiseta ekarri zalantzan izan nintzen: Arsenal, Chelsea, Liverpool. Izenak beti handi bihurtzen ditu ingelesak. Azkenean alkandoraren lepo zuria eta AIGren propaganda zuen Manchester Unitedena jantzita atera nintzen dendatik. Saltzaileak atzealdean ea izenen bat nahi nuen galdetu zidan. Ronaldo 7 eta Rooney 8 jartzen zutenak izan nituen eskutan. Ez dizuet esango zer dudan kamisetaren bizkarraldean. Hemen denok daukagu gure itzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.