Berastegiko irakurle taldea ezagutzeko poza izan dut ikasturte honetan. Ez dakit baden maite ditudan liburuei buruz berbetan aritzea baino gehiago gustatzen zaidan ezer. Gereziak jatea, akaso. Baina hori ezin da urte osoan zehar egin. Horrelako espazioetan ikasten du norberak literaturari buruz aritzea bizitzari buruz aritzea dela. Eta alderantziz ere bai: erraz identifikatzen da oso leku gutxitan dagoela eguneroko bizitzan adina literatura.
Hilean behin egin dugu zita. Berastegiko udaletxeko ganbaran. Egurrezko habeen azpian. Oso ederra izateaz gain, badu berezitasun bat leku horrek: kanpaia. Kanpai zaratatsu bat entzuten da ordu erdian behin. Oso soinu ozena da. Sei eta erdietan behin. Zazpietan zazpi aldiz.
Kanpaia zetorrela igarri orduko, eskua bihotzean jarri eta arnasa sakon batekin egin diot aurre ezustekoari. Eurentzat ohikoa denez, barrez lehertu gara nire gorputzaren erreakzioekin. Txorakeria dirudi, baina ez da. Interesgarria da ordu erdian behin elkarrizketa eten, barre egin eta berriz hasi baino lehen pentsatzeko hiru segundo hartzea.